Ploneconf 2023-ren harira https://2023.ploneconf.org Plone Edukiak Kudeatzeko Sistemaren eleaniztasuna eta malgutasuna aipatu duzunez gogoratu dut aspaldi elkarte biren webak Joomla eta Drupal EKSekin kudeatu nituen garaian sortu zitzaidan behar edo proposamen hau: Web elebidunak egiteko modu arrunta eduki guztia bikoiztuta izatea da, erabiltzaileak aukeratu dezan zein hizkuntzatan ikusi. Administrazio publikoaren webetan horrela izaten da, baina beste erakunde eta elkarte askok ez dute gaitasunik guztia hizkuntza bietan argitaratzeko, ezta beharrik edo nahirik. Izan daiteke kartel bakarra egin dela, elebiduna. Izan daiteke edukia hizkuntza batean sortu edo lortu dela eta ez dagoela indarrik edo interesik bestera itzultzeko. Beste aldetik irakurleak ere profil ezberdinetakoak gaude: Zeharo elebakarrak, Bigarren hizkuntza [gutxienez zerbait] ulertzen dutenak, eta hauen barruan bigarren hizkuntzako edukirik ikusi nahi ez dutenak edo edukia lehen hizkuntzan ez badago bigarrenean bai ikusi nahi dutenak (informaziorik ez galtzeko; hizkuntza praktikatzeko). Guztia kudeatzeko bidea izan zitekeen edukia igotzerakoan markatzea zein hizkuntza duen edo dituen eta beste hizkuntzako pareko edukia dagoen, eta honen esteka. Eta irakurtzekoan erabiltzaileak aukera izatea zehazteko bere lehen hizkuntza, eta hurrengoa (baldin badu), nabigatzailearen aukeren bidez egiten den bezala baina web interfazetik ere. Eta zehaztu ahal izatea ere beste hizkuntzako edukia sekula ikusi nahi ez badu. Bi baino hizkuntza gehiago direnean are gehiako konplikatzen da, baina bideragarri eta baliagarria dela uste dut. Bere garaian ez nuen aurkitu Joomla edo Drupal-ekin hori egiteko bidea, agian Plone-rekin bai egin daiteke? Nik orain ez dut behar, baina jakinminagatik edota iradokizun bezala diot.